POESIA
| SAIAKERA
| HAUR ETA GAZTE LITERATURA
| BESTE ARGITALPENAK
|
FUNDAZIOAREN KATALOGOA - NOBELA
|
LA LUTTE FINALE Joxean Agirre
Filigrana batean bezala, hainbat gai txirikordatzen da eleberri sailkaezin honetan barrena: bi gizon eta bi emakumeren arteko maitasun harreman korapilatsu eta jostalariak, norbera ala beste bat izatearen inguruko kontsiderazioak, mundua aldatzeko deliberamendutik haren plazerak dastatzera igaro den belaunaldiaren erradiografia, gainbehera fisikoaren iragarpenak sortzen duen larrimina...
Pasadizo, gogoeta zein deskribapenak doitasun zehatzez tartekaturik eta guztia umore-ukitu xume baina etengabe batekin zipriztinduz, maisu handiek soilik dezaketen idazkera lortu du Agirrek: jasoa bezain erraza, bihurria bezain aratza.
|
ZUBIGILEA Lutxo Egia
Bi istorioren kontaketaren bitartez Mendebaldeko egungo gizartean nagusitzen eta ia ezinbestekotzat jotzen ari diren hainbat eredu kritikatzen eta zalantzan jartzen dituen «eleberri politikoa» da Zubigilea, Lutxo Egiaren (Santander, Espainia, 1969) liburua.
Bere aurreko bi nobelak bezala (Paperezko hegazkinak eta Ezker hanka falta zuen, Susak kaleratuak biak, 2002 eta 2005ean hurrenez hurren) bi istorio txandakatuz eta amaieran batuz ehundu du Lutxo Egiak Zubigilea ere.
|
AZERIA ETA LEHOIA Edorta Jimenez
Ingalaterran da Sebastian Zubileta. Eta ihes egin beharko du. Baina zaila izango du; nor den ere ez daki: oroimena galdu du. Edorta Jimenezen (Mundaka, Bizkaia, 1953) pertsonaia historikoak azken abentura biziko du. Baleen berbaroa nobelarekin (Txalaparta, 1999) hasi eta Sukar ustelaren urtea (Txalaparta, 2004) obra mardularekin segida eman zion trilogiari akabera eman baitio idazleak, plazan jarri berri duen Azeria eta lehoia abenturazko lan historikoarekin.
Gorrotoarekin borrokatu ondoren, Sebastian Zubiletaren arrastoa ez da itsas zabalean galdu. Onik atera da. Eta etxera itzuliko da, baina aurretik Ingalaterran izango da Armada Garaiezinarekin.
Nobelaren izena, bestalde, Niccolo Machiavelliren Printzea obratik atera du. Machiavellik liburu hartan dio bere konderria mantendu nahi duenak jakin behar duela izaten azeria eta lehoia; azeriak lakioak erraz antzematen ditu eta lehoiak badu aski indarrik lakioak hausteko. Sebastian Zubiletak halaxe jokatu behar duela dio idazleak, Portlandetik etxera itzultzeko.
|
AUZOAK Urtzi Urrutikoetxea (2005)
Auzoak izenburuko narrazio bilduman Bilboren kronika egiten du 24 ordutan Urtzi Urrutikoetxeak. Hiriko pertsonaia eta leku asko jaso ditu hainbat istoriotan, udazkeneko egun baten jiran. Ez da nobela, ez baitago hari nagusi bat, baina ez da ipuin liburua ere, narrazioen artean lotura bat dagoelako. "Kontakizun liburua" dela dio egileak berak.
Hemeroteka
|
GLOSOLALIAK ETA BESTE Karlos Linazasoro (2004)
Inkomunikazioaz eta komunikatzeko ezintasunaz mintzo da Karlos Linazasoro ipuin bilduma honetan, bere iritziz, «horrek eragiten dituelako munduaren arazo latzenak». Linazasorok uko egin dio istorioak modu ortodoxoan kontatzeari, eta bilduman ipuin luzeak, ia nobela bat osatzen duten ipuin hiperlaburrak, antzerki egiturako kontakizun bat eta beste hainbat eratakoak jaso ditu. Joseba Jaka beken IV. deialdian jaso zuen liburua osatzeko beka tolosarrak.
Hemeroteka
|
HODEI BERDEAK Jon Alonso (2003)
Frankismoaren bigarren garaian hainbat mugimendu izan ziren Euskal Herrian, eta Jon Alonso idazle iruindarrak urte haietako gizarte baten erretratua egin du Hodei berdeak nobelan, batez ere Iruñeko gizarte txiki batena, betiere Euskal Herriko eta munduko testuinguruan kokatuz. 60ko hamarkadako azken urteetan Iruñeko abertzaleen giroa agertzen du Alonsok nobelaren moldean. Nobelaren proiektua Joseba Jaka beken deialdian izan zen saritua.
Hemeroteka
|
ROMAIN ZEN BERE IZENA Joxean Agirre (2003)
Mantso idazten duen egilea dugu Agirre, bere kazetari-lanean presaka aritu behar duelako beharbada; orrialde bakoitza luze pentsatu, esaldi bakoitzari bueltak ematen dizkio, gustura geratu arte, eta igartzen da gero emaitzan, kalitate handiko testuak lortzen baititu. Nobela hau sortzeko Joseba Jaka literatur sorkuntzako beka jaso zuen, eta haren laguntzaz egin du orain irakurleok dasta dezakegun obra sorgingarri hau: Romain zen bere izena.
Literaturazale guztiak txoraturik eta jakin-minez dauzkan idazle baten bilaketak osatzen du nobela sorgingarri honen bizkarrezurra. Balizko idazle horren emazteak senarra hiltzen du liburuaren hasieran, bere bizimodu ezkutuaz nazkaturik nonbait, sekretua behingoz argitzeko gogoz; misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da, ordea, irakurlea txunditu eta dibertituko duten bihurgune ustekabekoetan.
Protagonista eta kontalaria idazle ezkutuaren peskizan dabilen Ikerketa Batzordeko kide bat den arren, mataza polizialaren hari-muturrak galdu eta nahastu egiten dira etengabe, egileari interesatzen zaizkion gaiei tokia egiteko: arteari eta artistari buruzko gogoeta mamitsuak, esaterako, edo emakumearen gaineko kontenplazio deboziozko bat, gure literaturak inoiz eman dituen orrialde erotiko delikatuenak osatzeraino, ironiaren galbahetik iragazita betiere.
Pasarte antologikoz beteriko obra sendo, jostalari eta harrigarri bat osatu du Joxean Agirrek, tolesdura bakoitzean irakurketa berri bat, zirrikitu bakoitzean ihesbide bat proposatzen diguna. Berak hainbeste miresten dituen kultuzko egile horietako bat bihurtua, ia-ia.
Hemeroteka
|
AGIRRE ZAHARRAREN KARTZELALDI BERRIAK Koldo Izagirre
Paradoxa batean oinarritutako fikzioa, mezu anitzeko metafora, nobela hau bizi-pozaren laudorio bat da funtsean, preso manugaitzaren ahotik jasoko dugun testu eder, trinko eta lotsagabe batean.
Agirre zaharrak, preso bolondresa izanagatik, presondegi guztiak apurtu nahi lituzke. Baita hizkuntzarena ere. Transgresioa praktikatuz, hizkera subertsibo bat irakasten digu egileak. Eta honi esker, errealitatea gainditu eta egiaren magia dugu dastatzen.
|
PAUSOA NOIZ LUZATU Andoni Egaña
Frai Candido, Zarauzko Lanbide Eskolako sortzaile eta zuzendari izandako fraidea hartu du oinarri Andoni Egañak nobela hau idazteko. Horretarako, hamazazpi atal eta bi plano baliatu ditu kontakizunean barrena. Plano bat Jacako matxinadak hartzen du 1930eko abenduan eta bigarren planoa, berriz, hogeita hamar urte geroagokoa da, Francoren aurrera saria jasotzera Madrila doan gizonarena.
Bi une historiko horien kronika idazterakoan idazleak erabili duen euskara eta idazkera ederra azpimarratu behar dira.
|
LAGUN IZOZTUA Joseba Sarrionandia
Berriro erbestea, herrimina, errefuxiatuen ezinegona eta sustrairik eza..., lehen eskutik ezagutzen dituen gaiei heldu die nobela honetan idazleak.
Bat-batean oroimena eta hitza galtzen duen Goio da obrako protagonistetako bat, Bluefieldseko erbestean izoztuta geratu den pertsonaia. Hari laguntzera doa Maribel, errefuxiatuen postaria. Ekuadorrera eraman nahiko du sendatzera, han bizi baita paper faltsuekin Andoni, Goioren ikaskide izandakoa eta hari oroimena berreskuratzen lagundu diezaiokeena. Bidaia, ordea, ez inondik ere erraza izango. Abiapuntu honekin, hiru narrazio-hari josten dira kontrapuntuan.
|
ROCKNROLL Aingeru Epaltza
Izenburuak kontrakoa ematen badu ere ez da musikari buruzko liburu bat. Izan ere, doinu honetaz baliatu da idazlea bere belaunaldiari, berrogei urteren bueltan dagoen jendearen belaunaldiari, begirada ironikoa luzatzeko.
Kazetari mozkorti samar bat daukagu, Edu, andreak etxetik bota duena eta erredakzioan baztertua sentitzen dena; eta Eduren lagunak daude, betiko koadrila: Ximurra, guztiz burgestua, garbitegi-kate baten jabea; Ttipi, beste guztiez informazioa bildu eta bere bizitza misterioan uzten duena; Charly, sasoi zaharrean bezala beti porru, moto eta neska artean dirudiena. Lou Reeden RocknRoll kantua sinbolo bat da denentzat, gaztetako errebeldiaren eta oraindik lotzen dituen solidaritatearen ikurra; edo hala uste du Eduk behintzat.
|
|