|
Karmele Jaio: Ni heldu berria naiz mundu
honetara eta, egia esan, nahiko nukeen gauza bakarra irakurlearengana
heltzea da
Karmele Jaiok bere lehen lan sendoa plazaratu
du Hamabost Zauri titulupean. Hamabost ipuinek osatzen dute
liburua eta ipuin bakoitzean zauriren bat agertzen da. Lanaren nondik norakoak
luzatu dizkigu elkarrizketa honetan.
"Hamabost
zauri" izeneko liburua plazaratu duzu. Esan daiteke zure lehen lan
sendoa dela?
Bai. Aurretik, sariren bat irabazi eta ondoren argitaratzen den liburuxkaren
batean agertu dira nire ipuinak, baina Hamabost zauri da bakarka
argitaratzen dudan lehenengo lana.
Zein izan da zure ibilbide literarioa? Nola hasi zinen literaturaren mundu
honetan?
Kanpora begira, hemen hasten da nire ibilbide
literarioa, Hamabot zauri bildumaren argitalpenarekin. Horrek
ez du esan nahi aurretik ez dudanik ezer idatzi. Urteak dira idazten dudala,
baina nolabait esateko, ez ditut idatzi horiek erakutsi edo zabaldu. Eta
nahiago horrela izatea gainera, duela hamar urte idatzitako hainbat ipuin
zakarrontzira joan direlako beranduago.
Liburu berri honetan zer kontatzen duzu? Zeintzuk dira kezkak?
Hamabost ipuinek osatzen dute liburua eta ipuin bakoitzean zauriren bat
agertzen da; norbaiti bizitzak, egoera batek edo beste pertsona batek
barnean eragin dion zauria. Zauri guzti hauek irekita agertzen dira ipuinotan
eta ipuinak berak ere, kasu askotan, irekita geratzen dira ere. Zauri
hauek giza harremanetan sortzen diren oztopo eta zailtasunek eragindakoak
dira eta, zentsu honetan, kasu askotan bikoteak dira protagonistak, ez
guztietan. Ez naiz honen bila ibili ipuinak idatzi aurretik, baina gertatu
zait bikoteen harremanetan oso harrobi emankorra aurkitu dudala komunikazio
arazoen alorrean. Askotan burutik pasatu baina esan gabe geratzen diren
hitzek barruan sortzen diguten zauria edota hasperen baten atzean egon
daitezkeen pentsamenduak irudikatzen saiatu naiz.
Talentua, nortasuna eta sentiberatasuna
dituen ahotsa zarela dio Mendigurenek. Nola ikusten duzu zure burua ofizio
honetan?
Oraindik arrotz egiten zait norbaitek nire buruari edo lanari buruzko
balorazioa egiten duenean. Orain nire lana nire eskuetatik kanpo bezala
sentitzen dut. Lehen idatzi intimoak zirenak, orain parke batean ikusi
ditzaket neska edo mutil baten eskuetan, adibidez. Ez dakit, ez dut era
batean edo bestean ikusten nire burua ofizio honetan. Ni heldu berria
naiz mundu honetara eta, egia esan, nahiko nukeen gauza bakarra irakurlearengana
heltzea da. Nik idaztean sentitu dudana irakurleak sentitzea izango litzateke
niretzat opari handiena.
Igartza beka jaso duzu. Zerk suposatzen
du honek zuretzat?
? Erronka handi bat da. Urtebete daukat nobela idazteko eta ikusi beharko
dut nola moldatzen naizen epe baten barruan idazten. Gainera, nobela idaztea
erronka handia da niretzat orain arte ipuingintzan oinarritu baita nire
lana.
Beste sari batzuk jaso dituzu? Zeintzuk?
Bai, aurretik ipuin sariketa batzuk irabazi ditut. Besteak beste, Urretxu
eta Zumarragako udalek antolatzen duten Iparragirre Saria eta Bilboko
Udalak antolatzen duen Emakumeak kontari saria.
Ipuin liburua izan da hau. Beste proiekturik
bai etorkizunerako?
Igartza bekari esker Amaren eskuak izenburua duen nobela proiektua. Horretan
daukat orain burua. Bi emakumeen historia izango da, bata ama eta bestea
alaba, eta hauen bizitza ezagutzearekin batera bi garai ezberdinen erretratua
egin nahiko nuke.
Gehiago zara ipuingilea edo nobelarako
saltoa erraz emango duzula uste duzu?
Ipuingilea sentitzen naiz. Horregatik diot erronka handia dela niretzat
nobela idaztea. Bi mundu oso ezberdin bezala ikusten ditut. Nik ipuingintza
maite dut gehien.
Poesian, entseguan edota gazte literaturan
ikusten duzu zure burua?
Momentuz, ipuingintzan bakarrik.
|