Elkar Fundazioa
ALBISTEA
THE KLUBA
Juantxo Skalari abeslariaren egitasmo berri bat
2009-04-23
  Hemeroteka
Aldaketa 16 (2009-05-25)
Bizkaie (2009-04-27)
Correo (2009-05-15)
Deia (2009-04-24)
Diario Vasco (2009-07-10)
Gara (2009-04-25)
Nontzeberri (2009-04-24)

Hemeroteka
Albisteak Fundazioa
(2009-04-24)

The Kluba, Skalariak gogoratzeko aukera bikaina



Diskoak, -taldearen izena du izenburutzat-, gaur bertan aurkeztu dute Bilbon. Ekitaldian Juantxok berak (ahotsa eta gitarra) eta Anjel Valdesek (Oihuka diskoetxeko arduraduna) parte hartu dute.

Juantxoren berbetan, Le Kluba Skalariak taldearen eboluzioa da, baina, era berean, talde kontzeptu ezberdina zabaldu nahi du, "bai diskoan bai zuzenekoan".

Egitasmo berriak musikari nafarraren estilo kutunen jatorriei gehiago erreparatzen die. Hala, Fats Domino, 50eko hamarkadako rhythm and blues artista handia aipatu du, zeinek eragin handia izan zuen hasierako rock'n'rollean eta estiloaren hastapenetan. Horren harira esan du 50eko kutsu hori gehienbat kontrabaxuak ematen diola laukoteari. Doinu zahar horiez gain, Stray Cats, The Clash eta The Pogues talde garaikideak aipatu ditu eragin moduan.

Diskoa Garate estudioetan grabatu eta nahastu du Kaki Arkarazo soinu teknikariak, eta masterizazioa Parisen burutu dute. Grabazio prozesuan biolinak, txalapartak eta berbere hizkuntzaz abesten duen rap kantari batekin esperimentatu dute. Haize sekzioa Kataluniako La Thorpe Brass taldekoa izan da.

Hitzei dagokienez Skalariak taldean idazten zituenetatik gertu daudela esan du Juantxok, "orain gehiago eboluzionatu dute, eta fusio puntu bat bilatzen saiatu naiz, rockabilly estiloko hitzen iluntasuna gehituz".

Egitasmo "freskoa" egiten saiatu dira The Kluba bandakoak, "ez dut proposamen berririk ikusten egungo musika panoraman", esan du Juantxok. Berrikuntza gose hori musika estiloan ez ezik, zuzenekoetan ere islatu nahi izan dute. Hala, taldekideak lerro berberean kokatuta jotzen dute eszenatokian, aurre-aurrean jarrita hain zuzen: "zuzenekoetan erantzuna ona izan da, oso pozik gaude, agertokiko jarrera berri horrek harrituta utzi du publikoa, kontrabaxuak, gainera, nortasun berezia ematen dio taldeari". Viñarock jaialdian parte hartu eta Katalunian barrena bi kontzertu eman ondoren, Sakanan egingo den Hatortxu Rock jaialdian (ekainak 20) ikusi ahal izango dute zale euskaldunek The Kluba.