|
Zoriontasun osoa entelekia bat da, zerbait
antzemanezina
Katixa Agirrek Sua falta zaigu izeneko lana plazaratu du. Gabeziak, falta
nabarmenak dituzte bertan bildu dituen ipuinetako protagonistek. Berak
zerbait gehiago argitu digu.

Sua falta zaigu. Falta askoren
liburua idatzi nahi izan duzu?
Falta asko? Hutsak, esan nahi duzu? Ahalik eta falta gutxienekin idatzi
nahi izan dut. Beste gauza bat da lortu dudan ala ez. Edo falta, hutsune
eta gabeziaren zentzuan galdetzen didazu? Bai, insatisfakzioaren inguruko
gogoetan bat badago liburuan. Falta edo gabezia ezinbestekoa da bizitzan.
Zoriontasun osoa entelekia bat da, zerbait antzemanezina. Horrelakoa da
giza-natura, ez gaude inoiz asebeteta. Horrekin bizitzera ikasi behar dugu,
baina apatian erori gabe, daukaguna apreziatuz. Liburuko pertsonai guztiek
ez dute horrela ikusten baina.
Nolakoak dira bertan topatuko ditugun protagonistak?
Zeren kontra borrokatu beharko dute?
Euren buruen kontra batez ere. Askotan guk geuk jartzen dizkiogu oztoporik
handienak geure buruari. Ez dut lortuko, ez dut merezi
eta horrelako pentsamenduek eramaten gaituzte gauzak ez lortzera, merezi
ez izatera. Horretaz aparte, diferenteak dira pertsonaiak: batzuek badakite
beren buruei barre egiten, beste batzuek serioegi hartzen dute beren buruak.
Julen Gabiriak liburu serioa zela adierazi
zuen, gizartearen barruak erakusten dituena, lotsagabekeriaz idatzita.
Juleni liburu serioa zela aurreratu nion, eta gero berak barre egin zuela
aitortu zidan. Ez dut uste kontraesanik dagoenik. Funtsean ez dira istorio
umoretsuak, baina gehienak trufa-tonu batez jorratuta daude. Lotsagabekeriaz,
noski. Lotsarekin idazteko, hobe ez idaztea.
Ahalegin handia egin duzu liburua idazten,
edota berez etorri den lana izan da zuretzat. Diziplina, lana
.
Ahalegina egin dut, noski. Plazera eta mina batzen zaizkit idazterakoan.
Normalean oso animatuta hasten naiz, orri txuriak ez nau batere kikiltzen,
aitzitik, suspertzen nau. Baina erdialdera beherakada izugarria sentitzen
dut. Momentu horretan da diziplinara jo behar denean, ipuina aurrera aterako
bada. Oso erraza da momentu horretan dena bertan behera uztea, gauzarik
naturalena, esango nuke. Indarrak bildu eta lan egin behar da orduan.
Hau zure lehen liburua da, hala ere, sari
askoren jabe zara.
Betidanik idatzi izan dut, amak letrak bata bestearen atzean jartzen irakatsi
zidanetik, eta hamabost urtetatik ari naiz lehiaketetara aurkezten-eta.
Sari bat lortu izan dudan bakoitzean bultzada antzeko bat sentitu dut,
idazten jarraitzeko animo berriztatuak, eta horregatik bakarrik positiboak
direla uste dut, batez ere hasiberrientzat.
Literaturaren munduan ere eskarmentua harturik
duzu sarien bidez eta beste genero batzuk ere probatu dituzulako. Zeinetan
erosoago edota lasaiago?
Niri gustatzen zaidana idaztea da, idazte hutsa, eta ez bereziki gauza
bat edo beste bat idaztea. Zentzu horretan, edozein generori topatzen
diot bere puntua. Zutabeek gaurkotasun gaiez hitz egiteko balio didate,
blogak irakurlearekin harreman zuzena izateko, poesia barruan daramazun
pisu bat arintzeko, eta ipuinarekin mundu txiki bat eraikitzen duzu, bertan
andre eta jabe izateko. Genero guztietan gustura egon naitekeela
uste dut (agian harrokeria bat da hau esatea!), nahiz eta oraindik guztietan
proba egin ez. Bakoitzak bere momentua du.
BBK Literatura Eskolan ere parte hartu
duzu. Zein izan da esperientzia? Nola ikusten dituzu honelako ekimenak.
Eskola bat eman nuen, egiten dudan lan akademikoarekin gehiago lotuta,
baina ez naiz kide finkoa. Ondo ikusten ditut horrelako ekimenak, nola
ez. Larunbat goizetan biltzea, lagun artean literaturaz mintzatzea, gauza
berriak deskubritzea, eta gero bapo jan eta edatea
zer esango dizut
ba! Plan zoragarria iruditzen zait.
Liburu egilea izan baino lehen blogari
aritu zara. Zer da zuretzat blogaren mundua. Literaturarekin zerikusi
estua dauka?
Blogak literaturarako bidea eskaintzen du, horrek ez du esan nahi blogean
idazten den guztia literatura denik, ezta gutxiago ere. Nire kasuaz berba
eginez, batzuetan ipuintxoak edo poematxoak argitaratu izan ditut blogean,
hori egia da, baina orokorrean uste dut kazetaritzatik gertuago dagoen
blog bat egin izan dudala, gaurkotasuna komentatuz, ikusi ditudan pelikulei
buruz komentarioak egiten, prentsa arroxatik ere zerbait zuen mezu batzuk...
Dena den, nire ustez idazten duzun guztia jario bakar batean sar daiteke,
hau da, zurea den estilo partikular bat ari zara jorratzen idazten duzun
bakoitzean, berdin bloga edo ipuin bat. Inportantea da egunero idaztea,
eskua bero izatea, eta horretan laguntzen du blogak.
Liburua aurkeztu zenuen egunean, X. Mendigurenek,
etorkizunean kontuan hartzeko idazlea zarela esan zuen.
Mendiguren editorea da, eta, bere lanbideak behartuta, gauza asko esan
behar ditu. Nik badaukat berarekin apustu bat horren inguruan, ikusiko
dugu nork irabazten duen. Denborak esango du. Dena den, nik badut asmoa
idazten jarraitzeko, ez dut uste inoiz utziko diodanik. Idatziko dudan
hori kontuan hartzeko modukoa izango den ala ez, ezin aurreratu dezakedan
gauza bat da; barregarri gelditu gabe, behintzat.
Hortik irakurri dugu Leavitt, McEwan eta
horrelakok irakurtzen dituzula, eta lantzean-lantzean bitxikeriak, euskal
literatura.
Mundua bere osotasunean hartuta euskal literatura bitxikeria da, zalantzarik
gabe. Hizkuntz bitxi batean publiko murritz eta bitxi batentzat eginda
dagoelako. Dena den anglofilia aurpegiratu zidatenean esan nuen hori,
ironiaz-edo, kultura hegemonikotik idazten denaz aparte gure literatura
txikia ere jarraitzen dudala adierazi nahian. Horrela bizi dut nik behintzat
ditxosozko globalizazioa, txikitik handira, Euskal Herritik mundura. Nahiz
eta mundu hori mundu zehatz bat izan, mendebaldeko zibilizazioa-edo
deitzen duten hori.
Sua falta zaigu lanak hustuta
(insatisfetxo) utzi zaitu, edota beste proiekturen bat baduzu
buruan?
Istorioak eta proiektuak beti ditut
buruan. Gero gehienak erdibidean gelditzen dira, baina polita da burua
beti bueltaka izatea. Momentu honetan ipuinak idazten jarraitzen dut,
eta beste proiektu batzuk ere baditut, baina zorte txarra omen dakarrenez
horretaz hitz egiteak, hemen utziko dut.
|