|
Katixa Agirreren Sua falta zaigu liburua
kalean
Katixa Agirre gasteiztarrak Sua falta
zaigu izeneko lana aurkeztu du gaur goizean, Xabier Mendiguren eta Julen
Gabiriaren konpainiarekin Bilboko Elkar Megadendan.
Bere lagun idazleengandik laudorioak baino ez ditu jaso Katixaren lan
berri honek. Mendiguren harago joan da Katixa Agirre etorkizuneko euskal
idazle handienetako bat izango dela adierazi duenean.
Julen Gabiriak lotsagabekeria eskatu dio hasberriari, aske idazteko eta
ez kikiltzeko literaturaren mundu erraldoiaren aurrean. Ausarta izan behar
du idazle hasberriak, eta halaxe jokatu du Katixak, ausardiaz eta maliziaz
Sua falta zaigu izeneko lanean.
Gizakia interpretatzeko gaitasun itzela duela erakutsi du egileak. Giza-kondizioa
ondo baino hobeto ezagutzen du eta batzuetan irakurleari barre egiten
dio.
Zazpi ipuin bildu ditu lan honetan Katxiak eta zazpion azpian beste testu
bat dagoelako sentsazioa hartuko du irakurleak, ezinegona berarengan sortuz.
Zazpi ipuinok denbora luzean idaztiak izan dira, baina hala ere, bakoitzak
bere tokia hartu du modu naturalean liburuaren barruan, guztiok bide berbera
egin baitute.
Ipuin guztiotako muinean sentimendu bat antzeman daiteke: insatisfakzioa,
zerbait falta zaigulako sentsazioa, eta handik etorri da goiburua, Sua
falta zaigu.
Liburu serio baten aurrean gaude, gizartearen barruak ondo ezagutzen dituen
liburu baten aurrean, eta era berean, asunto hau barregarri uzten duena,
izan ere, serio izatera jolasten duen gizartea oso barregarria da.
Lehenengo zigarrotik lehenbiziko ezkontzara, aurreneko desilusiotik zaputzaldian
instalatzera, intentsitate bereziz jantzitako zazpi istorio ehundu ditu
Katixa Agirrek bere estreinako narrazio-bilduma honetan, gaztaro mitifikatuaren
muga lanbrotsuak heldutasun harrigarriz marraztuz.
|