|
BASAMORTUAJean Marie Gustave Le Clézio nobel saridunaren eleberria 2009-12-03 |
Hemeroteka Bizkaie (2009-11-29) Diario Vasco (2009-12-02) Diario Vasco (2009-12-03) Europapress (2009-01-28) Gara (2009-01-27) Goiena.net (2009-01-27) Mondraberri (2009-12-03) Nontzeberri (2009-12-02) Noticias de Gipuzkoa (2009-01-28) Noticias de Gipuzkoa (2009-12-04) |
|
Hemeroteka |
||
| ||
Le Clézio-ren "Basamortua" euskarara ekarri dute
XX. mende hasieran frantsesek fusilaren puntan obratutako Marokoren konkista odoltsua hondo gisa harturik marrazten da, pintzelkada finez eta begirada sarkorrez, Lalla izeneko neska berberearen istorioa kontatzen du Basamortua-k. Norabide bikoitzeko bidaia honetan, kulturen arteko talkaren barne toles itsusienak ikusarazten zaizkigu ahoan bilorik gabe. Zibilizazio, garapen eta aurrerakuntza kontzeptu kanonikoak errotik astintzen dituen istorio gordin bezain poetikoa, J.M.G. Le Clézio 2008ko Nobel Saridunaren eleberri txalotuena. Jean-Marie Gustave Le Clézio 1940an jaio zen Nizan. Etorkiz eta zaletasunez, munduko hainbat lekutako eraginak jaso ditu bere baitan: bretainiar jatorrikoa du familia, Maurizio uhartera emigratua; Nigerian eta Asian bizi izan da, sahararra du emaztea, eta Amerikan bizi da aspaldidanik: Mexikon aurrena eta AEBn gero, eta leku horietan guztietan bertako kultura ezagutzen eta bazterturiko gizataldeekin bat egiten saiatu izan da. Gazterik ezagutu zuen arrakasta, 1963ko Le procès-verbal eleberriarekin; nouveau roman mugimenduaren eragina nabari zuen lehen lan hartan, baina laster utzi zituen alde batera Parisko giro intelektual eta akademikoak, eta bilaketa pertsonalagoari ekin. Horren ondorioa da bere obra zabala, eta baita 2008ko Literaturako Nobel Saria ere, Suediako Akademiaren hitzetan: "abentura poetikoaren eta estasi sentsualaren idazlea izateagatik, nagusi den zibilizazioaren azpian eta haratago dagoen gizatasun baten esploratzailea". Egilearen beste lan batzuk: La Fièvre, Le Déluge, Le Chercheur d'or, Onitsha, La Quarantaine, Poisson d'or, L'Africain, Ritournelle de la faim. Luis Berrizbeitia (Abadiño, 1963) idazle eta itzultzailea da. Poeta gisa, literaturazaleak txunditu zituzten bi liburu idatzi zituen: Zoperna jenerala (1987) eta Eremu karroinduak (1992). Itzultzaile moduan, berak euskaratuak dira, besteak beste: Fred Uhlman-en Azken bilkura, Roald Dahl-en Ixtorio hautatuak edo Quim Monzó-ren Gauza guztien zergatia. Elkar argitaletxeak bidalita
|
||