|
VIKINGOEN SORTERRIRAXabier Mendigurenek ipuin sorta idatzi du 2010-02-05 |
Hemeroteka Berria (2010-02-06) Diario Vasco (2010-02-06) Gara (2010-02-06) Goierriko hitza.info (2010-02-10) Nontzeberri (2010-02-08) Noticias de Gipuzkoa (2010-02-06) |
|
Hemeroteka |
||
| ||
«Zoriontasunak eta samurtasunak ez du literaturarako biderik ematen, gatazkak bai» Xabier mendiguren Elizegi. Idazlea Kultura Idazle beasaindarrak zazpi ipuinez osatutako liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin Eskeine Legorburu Sei ipuin luze eta labur bat bildu ditu Xabier Mendiguren idazleak (Beasain, 1964) Vikingoen sorterrira liburuan. Ipuin horietan «gordintasuna eta samurtasuna» batu ditu, industri eremuetan kokatutako eszenatokietan. Loturarik ba al dute ipuinek euren artean? Guztiz apartekoak dira eta bakoitza aparte irakurri behar da. Ez dute inolako loturarik euren artean ez pertsonaiek, ez argumentuek eta ez ezerk, istorio guztiz independenteak baitira. Baina esan daiteke badutela nolabaiteko antzekotasuna giroetan eta gaietan, istorioek koherentzia bat dutelako elkarren ondoan, baina bakoitza bere kasa irakurtzekoa da. Zein gai lantzen da istorioetan? Batez ere bi gai dira nagusiak: batetik istorio sentimentalak, maitasunaren eta giza harremanen ingurukoak; eta, bestetik, gai sozialak eta politikoak. Eta, noski, batzuetan bietatik ere agertzen da, pertsonek baditugulako gure arazo pertsonalak eta aldi berean arazo sozialetan ere murgilduta egon gintezkeelako. Horrez gainera bada beste ezaugarri bat liburuari izaera berezia emango liokeena: behin baino gehiagotan istorio guztietan agertzen dela industria, tailerrak, lantegiak, fabrikak... Zergatik industria? Jende asko egongo da aitona-amonak baserri girora lotuta dituenak, lehen sektorekoak, animaliekin eta baratzean... erreferentzi horiek dituena. Gaur egun, berriz, esan daiteke jende asko hirugarren sektorean eta administrazioan, irakaskuntzan aritzen dela lanean. Baina erdiko belaunaldi batek industrian, bigarren sektorean egin du lan. Hala ere, horren garrantzitsua izan den sektore hori oso gutxi agertu izan da literaturan, eta horretaz konturatu nintzen. Azpimarratzeko zerbait, berritasun bat, iruditu zitzaidan. Nahita apurtu nahi izan duzu naturaren erreferente horrekin? Baserri giroa gutxitan agertzen da nire lanetan, niri ez zaidalako hurbilekoa egiten guztiz eremu hori, nahiz eta ezagutzen dudan. Euskaldunontzat indar sinboliko handia izan du, baina gaur egun baserri bizitzan oso jende gutxi bizi da. Modu naturalean atera zait, buruan nituen istorioak gauzatzen hastean konturatu nintzen tailerren mundua behin baino gehaigotan ateratzen zela, eta baduela bere interesa. Pertsonaiak ere, istorioen modura, independenteak al dira? Berez independenteak dira, batzuk 20 urte inguruan, eta beste batzuk bizitzaren erdiko tarte batean daudenak. Ipuin batzuetan pertsonaien bizitzaren tarte luze samar bat ere kontatzen da, adibidez 20 urtetan zehar zabaltzen direnak. Baina gainontzean ez dute loturik. Hala ere, egia da ipuin batean gertatzen den pasadizo bat beste batean gertatzen denarekin lotuta egon daitekeela, edo bi ipuinetan heriotza bana agertzea... Loturak egin daitezke eta ipuinak ezagututa egingo nituzke, baina ipuina irakurri aurretik ez du zentzurik horrelakoak zehazten hastea. Eta istorioak nolakoak dira? Istorio gordin samarrak dira, ipuinak irakurri dituztenek esan didatenez. Gauza gogorrak gertatzen dira, muturreko egoerak, baina gordintasunaren barruan samurtasuna ere badago. Pertsonaiek ere kezta etikoak dituzte, zuzen jokatu nahi dute. Baina askotan zuzen jokatzea ez da erraza, ipuinetan beti agertzen direlako egoera konplikatuak, zoriontasunak eta armoniak ez baitu ematen literaturarako biderik, eta zerbait kontatzekotan beti kontatu behar duzu gatazkaren bat edo arazoren bat, horrek ematen du-eta biderik. Nola uztartu dituzu samurtasuna eta gordintasuna? Ipuin batean, esaterako, aita ezezagun eta urrun bat, ezagutzen ez duena, miresten duen neska bat agertzen da, aita horren bila abiatzen dena. Beste batean emakume heldu batek ebakuntza larri baten atarian dagoenak, bere bizitzako maitasun sekretu bat aitortuko dio alabari. Istorio erromantikoago bat izan diteke hori. Beste batean mutil baten istorioa ere kontatzen da. Horrek beti izan du adin bereko bizilaguna, eta bizitza paraleloa eraman dute, gauza batzuetan antzekoak eta beste batzuetan oso diferenteak. Ipuin horren izenburua Ni zu banintz da. Pertsonak beti izan duen gogoeta bat islatzen da, beste horren lekuan banengo ni, edo halako lekutan jaio izan banintz... Horrelako gaietan sortutako istorioa da. Badago beste istorio labur bat maitasun debekatu bateko topaldi bati buruzkoa, gizon-emakume biren artekoa. Bestean pertsona normalak agertzen dira, baina beste batzuk eskolan atzeratuak izaten diren haur horietakoak dira. Familia itogarri batean arrebarekiko obsetiotik nola askatu ez dakien gizonezko baten istorioa ere kontatzen da. Azkeneko kontakizunean, aparkaleku batean ume bat nahi gabe zapaldu ondoren erruaren zamari aurre egin behar dion pertsonaiaren inguruan hitz egiten da. Zergatik Vikingoen sorterrira izenburua? Berez ipuinetako baten izenburua da. Iruditu zitzaidan ez duela ezer zehatzik esan nahi, baina titulu bezala baduela borobiltasun bat, edertasun bat, sugerentzia ahalmen bat, eta horregatik. Goierritaren aurrean liburuaren aurkezpenik egingo al duzu? Nik berez ez dut asmorik, ez nuen planifikatuta, baina Goierriko elkarteren batek, liburudendaren batek, udalen batek edo euskaltegiren batek nahiko balu, ni prest egongo nintzateke joateko.
|
||