|
SUA FALTA ZAIGUKatixa Agirrek ipuin bilduma osatu du bere lehengo liburuan 2007-03-08 |
Hemeroteka Aizu (2007-09) Argia (2007-03-25) Berria (2007-03-09) Berria (2007-04-01) Berria (2007-06-09) Bizkaie (2007-03-09) Deia (2007-03-23) Diario Vasco (2007-03-09) El Pais (2007-03-26) El Pais (2007-04-30) Gara (2007-03-09) Gara (2007-05-05) Nontzeberri (2007-03-09) Nontzeberri (2007-03) Noticias de Gipuzkoa (2007-03-24) Sareinak (2009-01-19) |
|
Hemeroteka |
||
| ||
|
Errepikatzeko modukoa Aritz Galarraga
Zazpi ipuinek osatuta dago Sua falta zaigu narrazio bilduma. Gertakizun-haria labur aipatzearren, liburuari izenburua eman dion lehenengo ipuinean lehenengo zigarroa erre nahi izan zueneko neska nerabearen esperientzia kontatu da, helduarotik. "Ness lakuko zooplakton haragijalea" izeneko bigarren ipuinean, bikote baten haustura aurreikus dezakegu, Ness aintzira inguruko hotel itxuraz normal baina misteriotsu batean. Hirugarren ipuinak "Hirugarrenik Asier" du izenburua eta, Hanburgotik bueltan, homosexual uste izan duen Asier bihotzekoaren ezkontza heterosexuala kontatu digu June narratzaileak. Hurrengo ipuinean ("Festa gonbidatuak"), Patricia (Highsmith) eta MJ maitaleek Pennsylvaniako bizimodu lasaian ezusteko bisitatxo bat jaso dute. "Kafe-makina elektrikoa" da bosgarrena, eta bertan kafe-makina baten inguruan sendotzen den bi bikote ezezagunen kanpin-harremanaren berri izango dugu. Azkenaurreko narrazioa da "Arazo bat berez", neska gazte eta gizon heldu baten arteko harremanaren gorabeherak kontatzen dituena. Eta zortzigarren eta azken ipuinak "Horrela bukatu" du izena eta telefono dei misteriotsu batzuen ondorioz jaio den erlazio labur-ezohiko bat azaltzen zaigu bertan. Esan dugu, zazpi ipuinek osatzen dute Agirreren estreinako liburua. "Zazpiak ez zaizkit maila berekoak iruditu", hori denek esango dizute (betebeharra baita ia, ipuin bilduma batez ari garelarik), baina liburuak, oro har, mantentzen du maila polita, ez da erortzen berau irakurtzeko intentsitate eta interesean. Hala ere, eta gustu pertsonalez haratago, gogoan gordetzeko moduko ipuinak iruditu zaizkit Sua falta zaigu, nerabezaroaren atarian den neska gaztearen iniziazio esperientzia kontatzeaz gainera, nerabezaroaren beraren metafora gisa ere uler daitekeelako: haur eta helduen munduen arteko garaian, zigarroa erre nahi eta ezin, horrek dakarren frustrazio sentimenduarekin. Ipuinik biribilena, akaso, "Festa gonbidatuak" izango da, bikote batek erretiro goxoan izandako ezusteko bisita baten ondorioz, ongi baino hobeto marraztu direlako pertsonaien barne paisaia eta nahasmenduak. "Kafe-makina elektrikoa" edo "Horrela bukatu" narrazioek ere ez dute atzean geratzeko asmorik. Moteltxoagoa iruditu zait, adibidez, "Hirugarrenik Asier", bertan azaltzen den istorioa sinesteko lanak izan baititut, bortxatuegi geratu baita gertakizuna. Goraxeago aipatu dudan bezala, bere osotasunean,
hasi eta buka, merezi duen narrazio liburua da Sua falta zaigu, Katixa
Agirreren lehenengoa, estreinakoa, baina idazlea etorkizunean esperientzia
errepikatzera kuraiatu beharko lukeena, zalantzarik gabe. |
||