|
Lazoak
Iratxe Esnaola
“Internazionala”ren letraren harira dator
izenburua, “C’est la lutte finale”, «Oro gudura,
ala!, bihar izan dadin…» ezagunago,
ez ironia gutxirekin. Berrogeita hamarrak
iragan dituzten bi gizonen maldan
beherakoa da kontagai eta eurena da azken
borroka; politikoa batetik eta gorputz
zahartuarena, bestetik. 2003tik eleberririk
argitara eman gabe, Joxean
Agirre forma ohituretatik aldendu da.
Orrialdea betetzera heltzen ez diren kapitulu
laburrekin hasten da, adina bezala,
aurreratu ahala luzatzeko.
Zer gertatuko protagonistari eta, nahastu
egiten dutela beste edozeinekin, edonon,
etengabe. Finkoa den ezer ez duenez,
ez ideia, ez alderdi, batere ezaugarririk, aldagarria
dela sinestarazi nahi digu, nortasun
batean zein bestean berdin kabitzen
dela, alegia. Hemen identitatearen gaineko
gogoeta ikusi dute zenbaitzuek. Batek,
esaterako, bere senargaia beste batekin
nahasten duela sinestaraztea zaila da. Absurduan
sinesgarri egiteko dohaina izan
du idazleak eta entretenigarri iritzi diot
nik, baina ez gogoeta sortzaile. Gehienera
zera dakar akordura; nola nahi dugun ezberdin
izan besteengandik bereizteko, baina
indartsuago zaigun normala izatearen
beharra eta aldatzearen nekea.
Horren adibidea iruditu zait pertsonaia
narratzailea. Gizon bat, zahartzaroa gainean
duena, eta nire iritziz kirrinka egiten
duten ezaugarri eta ikuspuntuak dituena:
emakume gorputza gauzakietan zatitzen
duena (titiak, izterrak, ipurdia), lehen aipuak
beti haren itxura fisikoari egiten
dizkiona, andreak barrutik deskribatzean
dituen aldi gutxietan misteriotsu, ulertezin,
inpultso ezezagunen jarraitzaile diren
izaki bitxiak balira bezala aurkezten
dituena. Orotara, aspergarria egin zait ez
prosa bera, baizik gauzen gainera isuritako
begirada errepikatu hau. Nik ez dakit
nahita paratua ote den hain nabarmen,
zehazki, gizontasunaren irudia parodiatzeko
asmoz. Hala interpretatzen nuen
nik «azken borroka». Ezezkoan nago, ordea,
argitaletxeak egileari egin elkarrizketa
fotokopiatua txertatu baitu liburuan
eta bertan halakorik ez baitut sumatu.
Beste borroka bat ere korapilatzen da istorioan,
Garibaldi bigarren gizonaren bitartez.
Erakunde iraultzaile bateko partaide,
politikari ezagunen txosten ezkutuak
publikatu ditu haien iraganaren berri
emanez. Belaunaldi bateko kideen jarrerak
hein batean usteldu zirela adieraztera
dator. “Internazionala” kantatzeari utzitako
jendeak direla. Mahai gainean beste eztabaida
bat jartzeko bidea eman dit honek:
ea gaur egun derrigorrean amaiera
tragikoa ote duten garai bateko borroka
moldeek. Edota kultur agenteen iraganek
zenbat eta nola axola beharko luketen
(ezagunak dira naziekin kolaboratu izan
zuten pentsalarien gaineko eztabaidak.).
Hari jarraitzailea protagonistaren
emakumeenganako zaletasuna dela
esango nuke. Gero, nahi izan duenean lagungarri
zaizkion gogoeta edo deskribapen
pasarteak txertatu ditu. Gauza ona
da hau irakurketa ez trinkotzeko. Alderantziz,
berriz, kalte egiten dio osotasun
bati. Hasieran bada hildako bat eta
amaierak hildako berera garamatza, baina
beste hari puskak libreegi doaz. Dudarik
ez prosa txukuna, zaindua, jasoa eta
atsegina dela, baina halako borobiltasun
bat falta zaio nire ustez. Beharbada protagonistak
adierazi nahi zigunak ihes
egin didalako. Agian, narrazioan hariak
luzatu eta beren gisara dantza egin dutelako,
elkarrekin lazoak osatu gabe. |