AEDk Jokin Zaitegi sariketaren liburua aurkeztuko du bihar
Luis Berrizbeitiak itzulitako 'Basamortua' liburuaren aurkezpena Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango da arratsaldeko 18:30etan
NAGORE GOÑI | ARRASATE.
Azaroan eginiko lana eta gero, Aed Elkarteak hilabete bat gehiago diardu lanean. Oraingoan beste bi ekintzekin datoz, Aedko lagunak. Lehena, Jokin Zaitegi bekaren ingurukoa eta bigarrena Arrasate Lehiaketaren ingurukoa.
Urtero legez, Jokin Zaitegi sariketaren aurreko edizioko liburuaren aurkezpena izango da. Aurkezpena bihar izango da Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan arratsaldeko 18:30tan. Bertan Xabier Mendiguren idazlea ere egongo da. Basamortua da liburuaren izenburua eta Luis Berrizbeitia izan da itzulpen lana egin duena. Gauzak honela, Jean-Marie Gustave Le Clézio, Afrikan hazi eta Amerikan bizi den idazle frantsesaren eleberri garrantzitsuena euskaraz irakurri ahal izango da, Elkar argitaletxearen eskutik: Désert (Basamortua), Afrika iparraldeko kultura galduen handitasuna eta Europara iritsitako etorkinen nora eza erakusten dituen obra da.
XXIII Arrasate Lehiaketak
Beste alde batetik, aipatu beharra dago, AEDk Arrasate Lehiaketen XXIII. edizioa martxan jarri duela jada. Poesia, Ipuina, Komikia eta Bertso paperari buruzko euskarazko lanak sarituko dituzte urtero bezala eta hauek dira jarraitu beharreko oinarriak: Idazlanak, hiru kopiatan, tarte bikoitzez eta orrialde bakar batetik ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira; lan guztiak lelo batez sinatuko dira, horrekin batera gutun azal itxi bat aurkeztuz, azalean leloa bera, jaiotza urtea eta arloa zehaztuz. Barruan berriz, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarri beharko da; lanak hurrengo helbidera bidali behako dira: Paulo Uranga, 4, behea.
Lanak bidaltzeko azkenengo eguna otsailaren 5ean izango da eta finalisten zerrenda apirilaren 16an kaleratuko du epaimahiak elkartearen webgunea (www.aedelkartea.com). Behin behineko erabakia apirilaren 23an izango da. Aipatu beharra dago ere atal guztietan parte hartu daitekeela eta epaimahaia Aed Elkarteak aukeratutako pertsonek osatuko dutela.
|