«Etxeek erabat baldintzatzen dituzte guztion bizitzak»
Gaiari ikuspegi desberdinetatik heltzen dioten sei ipuin bildu ditu 'Habitat'-en
Katixa Agirreren (Gazteiz, 1981) Sua falta zaigu aurreneko liburuko pertsonaia gehienek ematen zuten zerbait faltan, ez bakarrik sua. Habitat bigarren liburukoei etxe egokia falta zaie, edo soberan dituzte etxe desegokiei atxikitako arazoak, etxea baita liburua osatzen duten sei ipuinak lotzen dituen haria.
Nerea Azurmendi
Igartza saria eman zizun proiekuaren garapena da 'Habitat'. Aldatu al da hasierako asmoa idatzi ahala?
Uste dut ez naizela gehiegi desbideratu, hasierako ideia ere oso orokorra zelako. Hala ere, aldaketak egon dira, izenburua bera aldatu da... Bestalde, proiektuan planteatu nuen pertsonaia gehienak gazteak izango zirela, baina gero konturatu naiz adin guztietako jendeak dituela arazoak etxebizitzarekin eta, horrenbestez, adin guztietako pertsonaiak azaldu dira azkenean.
Hala eta guztiz ere, belaunaldi gazteenak bereziki ari zarete pairatzen etxebizitzaren arazoa.
Proiektuaren ideia hortik etorri zitzaidan. Liburuak nire belaunaldian eta nire inguruko jendean du jatorria. Beti ari ginen horren inguruan, hori zen guztion kezka, obsesioa esango nuke. Eta hori jorratu beharra zegoela iruditu zitzaidan.
Gustatuko litzaizuke 'liburu generazionala' dela entzutea?
Nahiago ez dut ez bada hala. Ahalik eta publiko zabalarengana iritsi nahi nuke, baina hori beste batzuek esan beharko dute.
Etxeak badu balio sinboliko halako bat, baina zure ipuinetan aparteko presen tzia eta garrantzia dute etxearen inguruko alderdi praktikoek.
Horiekin egiten dugulako topo nahi eta nahi ez. Izan ere, gaur egun oso aintzat hartu behar dira etxebizitza lortzeko ditugun arazoak. Ez daukazunean, leku ideiala ematen du etxeak, baina lortzen duzunean ikusten dituzu itoginak, bizilagunak, alokairua ordaindu behar diozun jabea...
Nola egiten da literatura horren itxura prosaikoa duten osagaiekin?
Suposatzen da gauza arruntak jatorritzat hartuta guztien kezka den zerbaiti buruz aritzea dela literatura. Eguneroko arazo hutsal horiek beste zerbait iradokitzen dute, eta hori egiten saiatu naiz.
Deigarria da noraino baldintzatzen dituzten etxeek ipuinetako pertsonaien bizitzak.
Hasieratik argi neukan etxeak berariazko pisua izango zuela narrazioan, ez zela izango eszenatoki hutsa, etxeek erabat baldintzatzen baitituzte guztion bizitzak. Izan kontuan, esaterako, hirian etxerik ezin erosi eta herri batera bizitzera joan behar dutenak, edo dibortziatzen den bat, edo maitalearen semearekin etxean gelditu behar dena... Kasu guztietan baldintzatzen du etxeak narrazioaren nondik norakoa,
Eremu mugatua da berez etxea. Ipuinok idaztearakoan sentitu al zara inoiz lau hormaren barruan itxita?
Kontrakoa gertatu dela esango nuke. Askotan erabili dut muga edo itxitasun hori ipuinari ukitu klaustrofobikoa emateko. Nire interesetarako baliatu dudan beste elementu dramatiko bat izan da, ez muga.
Ipuin guztietan ardatz bera erabiltzeak ere ez zaitu mugatu?
Horixe izan da arrisku nagusia, errepikakorra izatea edota liburuari katalogo itxura ematea: orain pisua, gero adosatua, azkenerako txaleta... Arrisku hori gainditzeko daude toki desberdinak, tonu desberdinak, gai desberdinak eta pertsonaia desberdinak.
Zerbait ikasi duzu etxeei buruz liburua idazterakoan?
Idatzitako dena lehendik nik bizi izan dut edo hurbilekoei entzun diet. Oso adi egon naiz bolada honetan, ez da ezer agertu nire imajinaziotik.
Egoeraren batzuk konplikatu samarrak badira ere, badaude umore printzak liburuan.
Ez da zerbait bilatzen dudana, baina berez ateratzen zait. Egoera dramatikoenetan ere perspektiba pixka bat behar dela uste dut... Aurreneko liburuan agian gehiago saiatu nintzen, pisu gehiago zeukan ironiak, eta sarkasmora ere iristen zen. Honetan mugatuagoa da baina, modu apalagoan bada ere, mantendu da.
Bigarren liburua, erantzukizun handiagoa?
Nik uste dut agindu nuena bete dudala, eutsi diodala mailari. Hobetu dudala ere esango nuke. Lasai nago, konfiantza baitut idatzi dudan horrengan. |