Omenaldi moduan, Gotzon Garateren 'New York, New York' berriz ere atera du Elkarrek Gotzon Garateren New York, New York kronika liburua berriz ere eman du argitara Elkar etxeak. «Omenaldia egin nahi izan diogu Go-tzoni, argitaletxe batek egin dezakeen modurik eraginkorrenean, haren liburu bat plazaratuz, hain justu», adierazi du Xabier Mendiguren Elizegi editoreak.
Iazko urrian hil zen Garate, lehen Euskal Filologia Fakultatea sortzeko ausardia eduki zuena, eta atzoko aurkezpena ere unibertsitate girokoa izan zen. Deustuko Unibertsitatean egin zen, hainbat ikasle entzule zela.
Liburua berritu egin dute Elkarrekoek. Hizkuntzaren gaurkotzeaz Ainhoa Lendinez Garate, idazlearen iloba arduratu da, eta azal berria erantsi zaio. Hitzaurrea ere berria da, Juanra Madariagak idatzia.
New York, New York 1988an kaleratu zen lehenengoz. Liburu honek zenbait berrikuntza ekarri zituen Garateren obran: batetik, kronikaren generoa landu zuen estreinako aldia zen; bestetik, euskalki guztietako ekarriak bereganatzeko asmo ageria erakusten du Gotzonen idazkerak.
Hemezortzi udaldi eman zituen Garatek hiri hartan: Bronxeko Fort Apachen lehenik, eta Manhattanen gero, Harlem eta Washington Bridge ondoan, munduan drogarik gehien saltzen omen den auzoan.
Manu Etxeberria ere jardun zen atzoko aurkezpenean, Deustuko Unibertsitatean filologiako ikasteten buru egiten duena, alegia. Gotzon Garatek burutzeke utzi zuen esamolde-bilduma bat bera bukatzen ari da orain. |