|
Hamabost istorio, hamabost zauri ireki, ondu
ditu Jaiok
Idazleak bere estraineko lana, Hamabost
zauri, kaleratu berri du Elkarren eskutik
Alain
LAISEKA / DONOSTIA

Karmele Jaio.
Argazkia: A. GUERRERO |
Edonork bere burua identifikatuta ikusteko moduko
hamabost kontakizunez osatutako lana mamitu du Karmele Jaiok. Hamabost
zauri (Elkar) liburuak komunikazio-inkomunikazio arazoak, bikoteen
bakardadea edota eguneroko bizitzak sortzen dituen gorabeherak irudikatzen
ditu. Tristura, mina, da nagusi istorio horietan;
izan ere, zauriak irudikatzen baititu Jaiok, zabalik dauden zauri mingarriak.
Idazle gasteiztarraren estraineko liburuaren aurkezpena egin zuten atzo
Donostian. Idazlearekin batera azaldu zen prentsaurrekora Elkarreko editore
Xabier Mendiguren Elizegi, zeinak Jaiok idazteko agertzen dituen begirada
zorrotza eta heldutasun hunkigarria azpimarratu zituen.
Idazlearen esanetan liburua osatzen duten hamabost ipuinek ezaugarri bat
dute komunean: «Ipuin guztietan agertzen da zauriren bat. Norbaiti
bizitzak edo egoera batek edo pertsona batek eragin dion zauria. Batzuk
orbain bihurtu daitezkenak eta beste batzuk kronikoak direnak, baina ipuinotan
denak agertzen dira irekita». Gasteiztar gazteak azaldu zuenez,
«giza harremanetan ematen diren oztopo zailtasunak dira protagonistak.
Askotan gure burutik pasatu baina esan gabe gelditzen diren hitz horiek
barruan eragiten duten zauri hori azaltzen saiatu naiz, bai eta asperen
baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak irudi bihurtzen ere»,
azaldu zuen.
Hamabost istorio horietan bikoteak dira gehienetan protagonista. Jaiok
bilatu gabeko emaitza izan da hori, «gertatzen dena da inkomunikazio-komunikazio
arazo horien atzetik ibili naizela eta bikoteen harremanetan aurkitu dudala
harrobi oso emankor bat», esan zuen.
Bikoteen arteko harremanetan guztiontzat ezagun diren sentimenduak islatu
ditu Jaiok idazkera sinple eta zuzenaz. «Irakurleari oztopo gutxi
jartzen saiatu naiz. Ez dut hitzekin malabarismorik egin, zentzu horretan
da sinplea liburua», jakinarazi zuen Jaiok.
|