|
VIKINGOEN SORTERRIRAXabier Mendigurenek ipuin sorta idatzi du 2010-02-05 |
Hemeroteka Berria (2010-02-06) Diario Vasco (2010-02-06) Gara (2010-02-06) Goierriko hitza.info (2010-02-10) Nontzeberri (2010-02-08) Noticias de Gipuzkoa (2010-02-06) |
|
Hemeroteka |
||
| ||
Samur eta gordin 'Vikingoen sorterrira' kaleratu du Elkar etxearekin Xabier Mendiguren Elizegik, zazpi istorio luzek osatutako ipuin bilduma Egoera gogorretan jarri ditu pertsonaiak, eta sentipen unibertsalak ageri dituzte haiek Ainhoa Sarasola / DONOSTIA Kontzeptu kontrajarriak dira samurtasuna eta gordintasuna, baina biek bat egiten dute sarri norbere bizipenetan. Muturreko egoeran kokatu ditu pertsonaiak Xabier Mendiguren Elizegi idazleak azken laneko istorio bakoitzean. Baina bizitzan bezalaxe, gogortasunak eta samurtasunak aldi berean bat egiten dute Vikingoen sorterrira liburuko zazpi ipuin luzeetan. 2008tik hona idatzitako istorioak lan bakarrean bildu, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du liburua idazle eta editoreak. Aita ezezagun eta miretsiaren bila doan neska, ebakuntza larri baten atarian amodio sekretu bat kontatzera doan andrea, familia giro itogarrian arrebarekiko obsesioa nola aldendu ez dakien mutila... egoera gogorra bizitzen ari diren pertsonaiak aurkezten ditu Mendigurenek ipuin bakoitzean. «Gordinak dira, aukeratu dituen gaiak eta bizipenak gogorrak ere badirelako; irakurleari halako zirrara bat eragingo diote, zuzenean tripetara iristen diren bizipenak dira», Antxiñe Mendizabal editorearen hitzetan. Baina aldi berean, samurrak dira, «hunkigarriak ere badirelako. Sentimenduz betetako ipuinak dira». Edonork inoiz bizi izandako sentimenduak dira, pertsonaiekin erraz identifikatua sentitzeko modukoak, unibertsalak: errua, damua, beldurra, lotsa, desioa, maitasuna, gorrotoa. «Bi muturrak ukitzen ditu; egoerak benetan nahiko muturrekoak dira, baina, aldi berean, oso ezagunak. Ez dago beste mundu batera joan beharrik kontatzen direnak ezagutzeko eta identifikatzeko». Hain zuzen ere, «gizaki guztien funtsezko kezkak» izan daitezkeen bi gairen inguruan landu ditu istorioak idazleak: harreman sentimental gatazkatsuak eta gora-behera sozial arazotsuak, Mendigurenek berak azaldu duenez. Aurreko lanetan jorratu izan dituen bi gai nagusiak dira. Horregatik, azaldu du liburuari batasun bat emateko asmo jakin batekin idatzi ez arren ipuinek haien artean ere badutela nolabaiteko lotura «inkontziente edo ezinbesteko» hori. «Idazle batek beti ditu buruan antzeko ideiak, kezkak, burutazioak, obsesioak... eta horien emaitza izaten dira liburuak». Harreman sentimentalen gaiari dagokionez, orain arte bikote harremanez idatzi izan du gehienbat Mendigurenek, eta ipuinotan halakorik baden arren, eremu hori zabaldu eta gehiago agertzen dira familia harremanak; gurasoen eta seme-alaben artekoak, neba- arreben artekoak... Eta harremanak ez ezik, egoerak dira zailak. Nolako istorioak diren galdetu du idazleak bere inguruan, liburua irakurri dutenen artean. «Bortitzak», «muturrekoak», «taburik gabeak», «gogorrak»... erantzun diote, besteak beste. «Beste batek aipatu zidan hitza tragedia da, eta uste dut tragediak baduela loturaren bat ipuin hauekin; deskalabru batera doaz pertsonaiak askotan, eta sumatzen da deskalabrua datorrela, baina sakonean ez dago errudunik». Pertsonaiek badute beti kezka etiko bat, ondo jokatu nahi bat, «baina askotan ez da posible ondo jokatzea, edo, ondo jokatuta ere, gauzak ez dira ondo ateratzen». Ipuin eta istorio luzeak «Esango nuke ipuin batzuk kasik nobela bat egiteko lain badirela», iritzi dio Mendizabalek. Izan ere, ipuin luzeak idatzi ditu Mendigurenek bilduma honetan. Denborak badu zerikusirik horretan, idazleak berak azaldu duenez. «Istorio batzuk tarte laburrean gertatzen dira, pare bat ordutan edo pare bat urtetan, baina gehien-gehienek betetzen dituzte tarte luzeagoak, hamar, hogei, hogeita hamar urte». Pertsonaien historia, historiaurrea eta haien ingurukoena kontatzeak hori dakar, ipuina orrialdeetan eta denboran luzatzea. Nahiz eta garai bateko istorioak izan ez dutela batere kutsu nostalgikorik gehitu du. Baina ipuinen estiloarekin ere lotura du luzerak. AEBetatik hartu du ideia idazleak. Han asko dira aldizkarietarako ipuinak egiten dituzten idazleak, eta generoka ere bereizten dituzte: motzak, hamar bat orrialdekoak, eta luzeak, berrogeita hamarren bat hartzen dituztenak. «Gure artean ez da luzera hau ohikoa, baina niri halaxe atera zaizkit. Edo gustuko idazle batzuen eraginez edo, besterik gabe, nik han bilatu dudalako halako estiloko gauzak idatzi nahi nituela», adierazi du. Industriari, tailerrari, fabrikari egiten dion lekua lanaren berezitasunen artean aipatu du autoreak. Industria bera ez da ipuinetako gaia, ezta lan baldintzak edo klase borrokak ere, «gehiago dira dekoratua». Ezaugarri horren agerpena ez zuela aurrez erabaki esan du, idazten joan ahala hasi zela horren inguruan gogoeta egiten. Idazlearen ustez, nork bere arbola genealogikoari erreparatuz gero, ikusiko du kasu askotan aiton-amonak baserri giroan bizi zirela eta lehen sektorean aritzen zirela. Bi belaunaldi harago joanez gero, jende askok hirugarren sektorean lan egiten du, bulegoetan... «Baina egon da tarteko belaunaldi bat askorentzat, eta izan da industriarena, tailerrarena». Literaturan baserri giroak izan duen lekuaren edo egungo pertsonaiek dituzten lanbideen aldean, ordea, «industria, tailerra, ez da agertu izan». Paisaia horren erreferentziak agertu ditu idazleak hainbat testuingurutan. Baita 70eko eta 80ko hamarkadak ere. Idazkera «sakon eta sarkorra» erabili du, baina aldi berean oso irakurterraza, editorearen ustez. Istorio «entretenituak, sakonak, hunkigarriak eta egiatiak» idaztea izan da Mendigurenen asmoa, idazleak azaldu duenez. «Nire anbizio guztiarekin idatzi ditut, eta apaltasun guztiarekin eskaintzen dizkiet irakurleei. Azken batean irakurleak esan beharko du zenbateraino asmatu dudan».
|
||