Elkar Fundazioa
URPERATZE HANDIA
Karlos Linazasororen naufrago istorio bitxia
2009-10-16
  Hemeroteka
Aizu! (2009-12-01)
Argia (2009-10-15)
Berria (2009-10-23)
Diario Vasco (2009-10-15)
Gara (2009-10-15)
Nontzeberri (2009-10-14)
Noticias de Gipuzkoa (2009-10-15)
Noticias de Navarra (2009-10-15)

Hemeroteka
Albisteak Fundazioa
(2009-10-23)

Irribarrearen ñabardurak

Erretiratu saldoa irla apartatu batean utzi du Karlos Linazasorok 'Urperatze handia' nobela absurdoan


Ainara Gorostizu / DONOSTIA

Gomendioa egin die irakurleei Mitxel Murua Elkarreko editoreak: «Liburu hau ispiluaren aurrean irakurri». Hartara, Karlos Linazasororen Urperatze handia (Elkar) liburua irakurtzean irakurleak duen jarrera islatuko da ispiluan: «Irriak, irribarreak, barreak zenbat ñabardura dituen ikusiko luke».

Umorez -batez ere umore beltzez- eta ironiaz josia dago Linazasororen «nobelatxoa». Eta absurdoa da erabat, abiapuntua bezala: erretiratu saldoa irla batean utzi du Linazasorok. Hiru egun nora ezean ibili ondoren, naufrago erretiratuak uharte bakartu eta apartatu batera heldu dira, oporretara zihoazenak. Hogeita bi gizon-emakume.

Egoera absurdo horren azpian, «alegoria beldurgarri honek» komunikatzeko ezintasuna du ardatz, «nire betiko kezka». «Horrelako muturreko egoera batean zer egin dezake pertsonak?». Ezintasun eta ezjakintasun hori agertzen ditu kontakizunak. Eten gabe egingo dute hitz pertsonaiek, baina ez dira erraz komunikatuko. Pertsonaien kontrara, «hitz gutxirekin asko» esan nahi izan du Linazasorok.

Autoplagioa

Nobelak Itoko dira berriak (Alberdania) haren antz handia du. «Autoplagioa izan liteke, bai. Nire ildotik koska bat gorago edo beherago dago liburu hau». Orduko hartan ere erretiratuak jarri zituen muturreko egoeran. «Zergatik erretiratuak?», galdetu dio kazetariak. «Obsesio berezia daukat jubilatuekin, psikiatra batek aztertu beharreko obsesioa. Errealitatean aspertu egiten naute, baina fikziorako material literario bezala gustatzen zaizkit». Gaiztoa da idazlea erretiratuekiko, «baina aldi berean errukitsua».

Irla apartatu horretatik irteteko, zenbaki bilakatuko dira pertsonaiak, eta «diziplina militarra» baliatu beharko dute uhartea uzteko ahaleginean. Ondoren, beste behin, bukaera irekia izango du kontakizunak, «nik egin ohi dudan bezala: irakurleak eman behar dio interpretazioa. Nik iradoki egiten dut, bukatu, irakurleak».

Ezberdintasunik badu, baina, eleberriak. Urperatze handia antzerkira gerturatzen da forma aldetik, «taula baten gainean oso nodo funtzionatuko luke», dio egileak berak.

Literatura ulertzeko Linazasororen modua agertzen da, orobat, liburu honetan. Absurdoa da, eta ironikoa. «90 urtetik gora, 100 urtetik gora bizi eta gero, bizitzan zer leku duten galdetzen dute pertsonaiek».