Elkar Fundazioa
GAZTEA THE SINGLES
Single izan diren hemezortzi kantu Gaztearen eskutik
2007-10-02
  Hemeroteka
Berria (2007-10-04)
Berria (2007-10-14)
Bizkaie (2007-10-04)
Deia (2007-10-04)
Diario Vasco (2007-10-04)
Diario Vasco (2007-10-12)
eitb (2007-10-04)
El Correo (2007-10-07)
El Pais (2007-10-04)
Gara (2007-10-02)
Noticiasde Gipuzkoa (2007-10-04)

Hemeroteka
Albisteak Fundazioa
(2007-10-14)

Gaztea teilatura igota


Xabier Lasa

Gaztea: The singles: Galdera mordo bat sortu digu diskak. Are gehiago, EITBk egunotan aurrera daraman kanpaina handiki eta Montero-Erentxun bikotearen irudian fokalizatutakoa ikusita. Ez da erraza neurria hartzea: zenbateraino da euskal kantutegiaren erakusleiho fidela, eta zenbateraino hizkuntza exotiko batean lur hartu duten bi abeslari megasaltzaileren kapritxo edo keinu artistiko sentibera; zenbateraino Gaztea irratia bi abeslari horien jarraitzaile erdaldunengana iristeko ahalegina, marketin handiko produktu baten negozio hutsa; bildumako beste 17 euskal taldeak zenbateraino sentituko ote dira egitasmoaren parte eta zenbateraino konpartsa huts; euskaldun anitzentzat kanta bat baino gehiago den Lau Teilatu, zenbateraino kakaztu duten, zenbateraino edertu...


Mundutarrak eta txokokeriazaleak: Bi protagonista-izarrek egindako adierazpenak ere potolotzera datoz zalantzen zerrenda. Amaia Monteroren ustez, ez dio axolarik euskaraz jakitea, euskara eta euskaraz kantatzearen ekintza berdin sentitzen omen dira euskal herritar izate hutsarekin. Mikel Erentxunentzat, berriz, musikari euskaldunek aurreiritzi asko dauzkate gaztelaniaz abesteko; gazteleraz aritzen diren euskal herritarrek, ordea, ez dute halakorik.


Kaleratu berriak: Gaztea Irratiaren irudia goxatzeko asmotan dabiltza nonbait. Bilboko Isozaki Dorreetatik urrutira begira jarri dira, Lau Teilatu euskal kantu mitikoaren bertsio fantastikoak auskalo nongo ateak ireki eta noren belarriak zut jarriko dituelakoan. Eta bien bitartean, etxe barruko egituren sendotasuna kolokan jartzera datorren berria heldu zaigu, Ilazki Serrano, Dani Arizala, Mikel Apaolaza eta Ainhoa Urkia esatariak irratitik kaleratu baitituzte.


Hizkuntza arraroak: Adierazgarria da Javier Rioyok Hoy por hoy saioan nola aurkeztu berri duen Acordes con Leonard Cohen diska, non munduko kantari askok nork bere hizkuntzan egiten dituzten Cohenen bertsioak. Toti Solerrekin katalanez, arraro aditzen omen da; are arraroagoa Jabier Muguruzarekin euskaraz. Gaztelaniazko Aute edo Auseronen bertsioak dira normalak Rioyorentzat. Ser Katean hauxe omen da estatuko kultur produkzio anitzean jantziena dagoen irrati esataria...