Elkar Fundazioa
MUSIKA AIREAN
Karmele Jaio idazle gasteiztarraren bigarren eleberria
2009-10-23
  Hemeroteka
Argia (2009-10-26)
Berria (2009-10-24)
Berria (2010-02-02)
Diario Vasco (2009-10-24)
Eitb (2009-10-24)
El Pais (2009-10-24)
Gara (2009-10-24)
Noticias de Navarra (2009-10-24)

Hemeroteka
Albisteak Fundazioa
(2010-02-02)

Karmele Jaio.
Idazlea

«Esan gabe gelditzen diren hitzei buruz» idatzi du Karmele Jaiok bere orain arteko liburuetan, eta 'Musika airean' ez da salbuespen izan. Bakardadeari buruzko hausnarketa egin du protagonista bakarrik bizi den emakume adindua duen nobela horretan.

«Ez dut sekula originaltasunaren mesedetan beste gai bat bilatuko»


Juan Luis Zabala / GASTEIZ

Bi ipuin liburu eta bi nobela argitaratuta, publiko zabala bereganatu du dagoeneko Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970). Kezkatzen duten gaiez idazten du, eta ez du premisa hori aldatzeko inolako asmorik. Pozik dago Musika airean (Elkar) nobela berria izaten ari den harrerarekin. «Kritika txarrak eta kritika onak jaso ditut... Denetarik egon da. Baina badira lauzpabost pertsona asko gustatu zaiela esan didatenak, eta horrek poza eman dit».

Zertan da Musika airean zure aurreko liburuen antzekoa eta zertan diferentea?

Egileak buruan dituen kezkak eta ideiak azaleratzen dira liburuetan, eta kezka eta ideia horiek antzekoak izaten dira. Beraz, antzekotasun asko ditu Musika airean lanak nire beste liburuekin. Baina desberdintasunak ere badaude. Elenaren hausnarketetan lirikotasun gehiago bilatzen saiatu naiz, adibidez. Nik behintzat nabaritu dut beste pauso bat eman dudala. Ez dakit aurrera, atzera, ezkerrera edo eskuinera, baina beste pauso bat. Betiere nire idazteko modua mantenduz.

Amaren eskuak idatzi izana lagungarri izan duzula esan duzu. Gaiaren aldetik ala nobela idazteko teknikaren aldetik?

Teknikaren aldetik. Nik beti esan izan dut ipuingile sentitzen naizela nobelagile baino gehiago. Lan egiteko modua oso diferentea da nobela bat idaztean edo ipuinak idaztean. Amaren eskuak nire lehen nobela izan zen, eta lehen esperientzia horretan ikasi nituen gauza batzuk oso baliagarriak izan zaizkit Musika airean idazterakoan. Bigarren nobela honetan ere izan ditut zailtasunak, eta esperientzia horretatik ikasitakoa lagungarri izango zait beharbada hurrengo baterako.

Emakumea eta adindua da Elena, nobelako pertsonaia nagusia. Fikzio literario nahiz zinematografikoetan ez da oso ohikoa izaten aukera hori. Ezohikotasun horretaz ohartuta egindako aukera da?

Ez. Nire asmoa bakardadeari buruz hitz egitea zen, eta horretarako irudi egokia iruditu zitzaidan Elenarena. Emakume adindua da, bakarrik bizi da, eta, gainera, bizitza oso baten ondoren, gauza asko ditu pentsatzeko. Egia da gutxitan izaten direla horrelako emakumeak protagonista, baina uste dut atzetik bizitza osoa duen emakume bat oso interesgarria izan daitekeela; are gehiago Elenaren garaikoak bezala, hainbeste gorde dutenak. Nik jakin-min handia nuen Elenak buruan izan zezakeenari buruz.

Elena etxeko egongelan dago, leiho ondoan, ia mugitu ere egin gabe, eta haren hausnarketak dira nobelaren ardatz nagusia. Baina beste osagarri batzuen bidez eman diozu mugimendua eta erritmoa nobelari.

Idazterakoan, kezkarako motiboa izan nuen hori. Erritmoarena da beti nobelak idazterakoan dudan kezka handi bat. Beharbada, ipuingintzaren eraginez. Ipuin batean erritmoak garrantzi handia du, eta nobela bat idazten dudanean, hain gauza zabala izanik, beldur hori sortzen zait, erritmoarena. Horregatik, Elenaren gogoetak iraganeko flash arin batzuekin tartekatu ditut. Batetik, aitorlekuko pasarteak daude eta, bestetik, beste tramak; Elenaren seme Sabinena, adibidez. Baina istorio horien zeregin bakarra ez da erritmoa ematea. Horretaz gain, indartu egiten dute nobelaren ideia nagusia: bizitzan gertatu zaigun guztiak duela zerikusia gure gaur egungo izateko moduan. Elenaren kasuan argi geratzen da hori, baina baita Sabinen kasuan ere.

Bi ipuin liburu (Hamabost zauri eta Zu bezain ahul) eta bi nobela (Amaren eskuak eta Musika airean) idatzi dituzu, eta guztietan inkomunikazioa da gai nagusietako bat, barruan gordeta eta adierazi gabe geratzen ziren sentimenduez hitz egin duzu.

Bai. Niri nire liburuetan zertaz ari naizen galdetuz gero, nik erantzungo nuke esan gabe gelditzen diren hitzei buruz aritzen naizela. Uste dut gure egunerokoan eta gure harremanetan nahiko azalean ibiltzen garela, eta hain justu kezkatzen gaituzten arazoak gorde egiten ditugula. Interesgarriagoa iruditzen zait barruan gordetzen den hori, azalean dagoena baino. Nire pertsonaien kasuan, interesgarriagoa da esan gabe uzten dutena esaten dutena baino.

Zure liburuen irakurleen artean emakumeak nagusi direlakoan daude kritikari batzuk. Irudipen hori duzu zuk ere?

Uste dut egia dela nire liburuaren irakurleen artean emakumeak gizonezkoak baino gehiago direla. Hori egiaztatzeko aukera izan dut. Adibidez, Durangoko Azokan nire liburuei buruz hitz egiteko hurbiltzen zaizkidan irakurleen artean gehienak emakumeak dira. Emakumeei, irakurle moduan, interesgarria egiten zaigu gizonezko baten esperientziak kontatzen dituen ipuina edo nobela, eta esperientzia horiek gureak balira bezala sentitzen ditugu. Baina gizon askok ez dituzte berenak bezala sentitzen ipuin edo nobela bateko esperientziak pertsonaia emakumea denean eta bere bizi-esperientzia kontatzen duenean; gizonezkoen esperientziak kontu unibertsaltzat hartzen dituzte, pertsonei buruzko kontutzat, baina emakumeek kontatutako bizi-esperientziek berekin zerikusirik ez dutela uste dute. Eta nik uste dut badutela zerikusirik. Nobela batek seme batek gaixo dagoen bere aitarekin duen harremana kontatuko balu, ez nuke pentsatuko hori gizonentzako nobela denik. Baina Amaren eskuak izenburua ikuste hutsarekin, gizonezko batzuek ez dute pentsatu ere egiten nobela hori berentzat interesgarria izan daitekeenik.

Inkomunikazioa, barruko sentimendu gordeak, bakardadea... Gai jakin batzuekin lotutako idazle gisa agertzen zara hedabideetan. Kezkatzen zaitu horrek?

Ez nau kezkatzen horrek. Argi daukat idazten baldin badut esan nahi dudan zerbait esateko izan behar duela. Ez naiz hasiko, adibidez, abenturazko nobela bat idazten gai batzuei buruz nahikoa idatzi dudala uste dudalako eta gai berriak behar ditudalako. Ez dakit zer izango den idatziko dudan hurrengoa, baina beti izango da nire barruan sortzen den zerbait, idazteko beharra sentitzen dudan zerbait. Ez dut sekula orijinaltasunaren mesedetan beste gai edo mundu diferente bat bilatuko.

Zein dira idazle gisa dituzun erreferentzia nagusiak?

Denetarik irakurtzea gustatzen zait. Hori bai, irakurle gisa ipuingileak izan ditut beti gustukoenak eta niregan eragin handiena izan dutenak; eguneroko mundu erreal hori kontatzen dutenak batez ere: John Cheever, Raymond Carver, Katherine Mansfield, Dorothy Parker... Baina uste dut edonondik har daitezkeela eraginak, ez eskola edo joera jakin batetik bakarrik.

Zeu batez ere ipuingile sentitu arren, zure nobelak ezagunagoak dira ipuin liburuak baino. Nola hartzen duzu hori?

Ondo. Nobelak pisu handiagoa du merkatuan, komunikabideetan eta abar. Eta uste dut horregatik direla ezagunagoak nire nobelak ipuin liburuak baino; eta ez nire nobelak ipuin liburuak baino hobeak direlako.