Elkar Fundazioa
MIKEL LABOA (1934-2008)
DVD eta CDan Mikel Laboaren bizitza eta obra jasotzen da
2009-06-17
  Hemeroteka
Berria (2009-06-18)
Berria
Bizkaie (2009-06-18)
Deia (2009-06-18)
Diario Vasco (2009-06-18)
eitb (2009-06-18)
Gara (2009-06-18)
Iruxtuloko Hitza (2009-06-18)
Noticias de Gipuzkoa (2009-06-18)

Hemeroteka
Albisteak Fundazioa
(2009-06-18)

Ahots bakan bat baino askoz gehiago

Mikel Laboak berak gidatzen du ikus-entzulea dokumentalean zehar, bere bizitza eta obraren pasarte nagusiak aletuz. Lotsatia izanagatik, agertokian eraldatzen zen artista apurtzailea zen.


Jon Eskisabel / DONOSTIA

Mikel Laboaz hitz egiterakoan haren ahotsaz hitz egin behar da, Ruper Ordorikak dokumentalaren une batean gogoratzen duenez. Eta hitz egiten da Laboaren ahotsaz, abesterakoan «gizakiona ez den leku batetik etorritakoa» -Iñaki Salvadorren hitzak dira- zirudien ahots horretaz, nola ez, baina dokumentalean hitz egiten lehena Laboa bera da. 1978an Loiola Media-Herri Irratian Laboak berak grabaturiko bospasei irratsaio autobiografikoetan egindako kontakizuna da Mikel Laboa (1934-2008) ikus-entzunezkoaren hari nagusietako bat. Bestea, Laboaren gertuko kolaboratzaile (Salvador, Josetxo Silguero) eta lagunen (Lluis Llach, Raimon...) testigantzek osatzen dute, Laboaren musikaz eta material grafiko oparoaz lagunduta: familiako argazkiak eta bideoak -Laboa eta Mari Sol Bastida ezkondu zirenekoak, kasu-, diskoen azalak, hainbat artistak Laboari eginiko erretratuak, kontzertuen afixak, zuzeneko emanaldiak, prentsako zatiak...

Laboaren ahotsak gidatzen du ikuslea lehen 45 minutuetako bidaian. Lehendabizi Donostiatik Lekeitiora; han harrapatu zuen Gernikako bonbardaketak, hiru urte baino ez zituela -«gure etxean uste zuten gure aldekoak zirela abioi haiek»-. Hurrena, Donostiara itzultzean falangistek hartutako hirian aurkitutako giro iluna deskribatzen du -desfileak kaleetan, nazien ikurrak eraikinetan...-; gaztaroan, gitarra jotzen hastearekin bat, Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra eta George Brassensen deskubritu zuen unea; Medikuntza ikasketak Iruñean, Madrilen eta Zaragozan; euskararen galtzea eta berreskuratzea; nova canço mugimenduaren ezagutza; Ez Dok Amairuren sorrera eta desegitea; Baga Biga Higa eta Ikimilikiliklik ikuskizunak; 24 ordu euskaraz jaialdia; Lekeitioen bidea... pasarte guztiak aletzen ditu Laboak.

80ko hamarkadatik aurrera Laboaren kolaboratzaile estuenak izandako musikariek, Iñaki Salvadorrek eta Josetxo Silguerok, hartzen dute hitza bigarren zatian. Laboaren lan egiteko moduaz eta haren izaera lotsati eta aldi berean transgresoreaz mintzo dira. Haatik, agertokian eraldatzen zen, «bera zen jaun eta jabe», dio Silguerok. Eta 1984an Anoetako kiroldegian grabaturiko kontzertu baten irudiak daude hitz horiek baieztatzeko. Hamar minutuko bakarrizketan Camino y piedra kantua, Cantinflas, no te me achicopales esaldi ezaguna, La donna è mobile , presokratikoak eta Arkimedesen printzipioa lotzen ditu Laboak, artista bakanek bakarrik egiten duten moduan.

Atxagak bikingo deitu zion poema batean eta Koldobika Jauregi eskultoreak basajauna dela dio dokumentalean: «Hanka bat plaza batean eta bestea basoan jarrita duen erraldoi bat».