|
AROTZAREN ESKUAKAlberto Ladron Aranak suspensezko eleberria kaleratu du 2006-03-27 |
Hemeroteka Argia (2006-05-21) Berria (2006-03-24) Berria (2006-05-02) Diario de Noticias (2006-05-01) Diario Vasco (2006-03-24) Diario Vasco (2006-03-31) El Correo (2006-08-16) Gara (2006-03-24) |
|
Hemeroteka |
||
|
||
|
«Irakurleari ez nion bakerik eman nahi» Alberto Ladron Aranak «suspensezko'thriller'-a» harilkatu du 'Arotzaren eskuak' eleberrian, argitaratzen duen laugarren lana
Alberto BARANDIARAN / IRUÑEA Ane Duhaldek, 22 urte, mutil-laguna utzi berria eta langabezian, Mikel Aramendia Foruzaingoaren tenientearen deia jaso du. Matias Duhalderen biloba ote den. Hila aurkitu dutela, eta Urralgoitin dagoen lur sail batzuk eta Eguzkienea baserria jaso dituela ondarean, hartzaile bakarra bera dela. Anek ia ez du aitona ezagutu. Udazkena da Urralgoitin. Iritsi denean, baserriarekin zer egin ez dakiela, logelak txukuntzen hasi da. Dena garbitu, zabor boltsak atera eta haiei sua eman. Sagarrondo batzuk aldatzen hasi eta, zuloan, metal zatitxo distiratsua. Urrea? Ez, hortz bat. Ondoan, beste batzuk, denak kaskezur bati itsatsita. Kaskezur gehiago. Gorpuek eskuak zerraz moztuta dituzte.Irakurlea «lepotik helduta» eraman nahi izan du Alberto Ladron Aranak (Iruñea, 1967), Arotzaren eskuak (Elkar) nobela berri honetan, hasieratik bukaeraraino. «Polizia nobela bizia egin nahi nuen», adierazi du liburuaren aurkezpenean, «eta irakurleari bakerik ez ematea zen nire helburua. Eleberria ustekabeekin betetzea, eta amaieran, gainera, kolpe txiki bat, ezustea».«Ez da literaturaren funtzio bakarra irakurlearen jakin-mina piztea» gaineratu du Xabier Mendiguren Elizegi editoreak, «baina nobelak idazteko modu eskergarria bada behintzat». Bigarren Mundu Gerra ez da obsesioa, «gustua» baizik Hiru eleberri argitaratu ditu orain arte Ladronek Itzalaren baitan (Kutxa Fundazioa), eta Xake Mate eta Eguzki Beltzaren sekretua, Elkarrekin. Azken biotan, Bigarren Mundu Gerra da istorioen ardatza. Oraingo honetan, aitzakia. «Ez da obsesioa, ez», azaldu du, «gustua baizik. Oso garai erabakigarria iruditu zait beti, ikerketak egin eta irakurtzeko aproposa, eta nobelak egiteko emankorra gainera». Eta, gaineratu duenez, «bakoitzak gustuko duenari buruz idazten du». Gorpuen inguruko misterioaren sokak Frantziako erresistentziaraino eramango du protagonista. Maginot lerroa, Europako hainbat tokitan gertatutako hileta sorta, Bordeleko polizia erretiratu baten laguntza... «Suspensezko thriller-a», hori da lanaren definizioa. «Eleberriak, batzuetan, gogor hasten dira, eta gero, bukaeran, galdu egiten dute, baina nik uste dut amaierak garrantzi handia duela. Hau da, apustua goratu behar da, eta hordagoa amaieran bota. Asmatuz gero, irakurlearen oniritzia irabaziko dugu». Egileak egoerak girotzeko daukan «trebezia eta maisutasuna» azpimarratu zuen, atzoko aurkezpenean, Patxi Larrionek. Eta bere dokumentazio lana. «Beste eleberrietan baino txikiagoa izan da lan hori», aitortu du egileak, baina hilobien inguruko xehetasun batzuetarako sendagileak eta abokatuak elkarrizketatu ditu. Halaber, Maginot lerroaren inguruko informazioa lortzeko Frantziako hainbat erakunderekin harremanetan ibili da. Eta «entretenimenduzko literatura» deitu duen arloaz gogoeta egin du. «Genero hori ez da beste literatura batzuetan bezain indartsua, eta badirudi gutxietsi egiten direla halako liburuak. Baina nire helburua kalitatezko entretenimendua egitea da beti».
|
||