Joseba Jaka bekaren irabazlea

Bi urtetan behin sorkuntzarako emango den beka aurten Alaine Agirre idazlearen Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama proiektuari ematea erabaki du Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok eta Iratxe Retolazak osaturiko epaimahaiak.

Laginari, besteak beste, honako merezimenduak antzeman dizkio: “Sentimendu eta kezka intimoenak gorpuzteko gaitasuna erakutsi du, nahiz eta askotan zuzenean jorratu ez, baizik sentimenduok gertakarien forman adierazita ageri dira (...) Halaber, oso trebea narratiban hainbat osagai konbinatzen: denborak (oroipenak, oraingo xehapenak), gertakaritxoak, pertsonaia ezberdinekiko anekdotak, gogoetazko momentuak”. elkar Fundazioko kide den Marijose Irizarrek eman dio beka. Bere lana osatzeko 10.000 euroko laguntza jasoko du, eta urtebeteko epea izango du gehienez amaitzeko; hau osatzerakoan Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

2016-04-21-ELKAR SARIAK

Joseba Jaka bekaren oinarriak

Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka berriro martxan jartzea erabaki du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, literatur lanak, narratibako lanak (eleberri edo ipuin bildumak), idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

2. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:

a) Egin nahi duen sormen lanaren azalpena, 2-5 orri bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-25 bitartekoa, ez nahitaez hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Fundazioak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

3. Proiektuak, 2016ko urtarrilaren 29ra arte bidal litezke helbide hauetako batera:

josebajakabeka@elkarfundazioa.eus

Joseba Jaka beka. Elkar Fundazioa. Portuetxe 88, Igara auzoa. 20018 Donostia

4. Jasotako proiektu guztiak Elkar Fundazioak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea. Epaimahaia honako lagunek osatuko dute: Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok, Iratxe Retolazaketa Elkarrekoeditore batek bototik gabe, idazkari lanetan. 2016ko apirilaren 23aren aurretik emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

5. Beka 10.000 eurokoa izango da —legez egin beharreko atxikipenak barne-eta Elkar Fundazioak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

6. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lana amaitua Elkar Fundazioari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150 orrialde* gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak eta epaimahaiak hiru hilero.

7. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

8. Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du lana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik zortzi hilabeteko epean kaleratu beharko da lana, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

9. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Argibide gehiagorako: Elkar Fundazioan, josebajakabeka@elkarfundazioa.eus

* Orrialdearen neurri estandarra 1.800 karakterekoa izango da

 

 

elkar argitaletxea Ttarttalo Oihuka Sua argitaletxea Txertoa elkar banaketa elkar