Sortze gutuna

E

uskalgintza Elkarlanean Fundazioa (egun elkar Fundazioa) sortzean, Sortze-Adierazpen gisa garbi utzi nahi ditugu azalpen honetan zernolakoak diren gure xedeak, borondatea eta lerro nagusiak.

Euskalgintza Elkarlanean deituriko Fundazioa euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzeko sortzen da. Kulturgintza guztion eginkizuna dela sinetsiz, herrian eta gizartean diharduten gizon eta emakumeen zein talde eta elkarteen, hitz batean, herritar guztion eginkizun eta erantzukizuntzat jotzen dugu euskal kulturaren geroa, ez bakarrik Erakunde Publikoen ardura.

Fundazioak, bere helburuak betetzeko euskal herritar guztion partaidetzabilatzen du, eta euskara eta euskal kultura sortu, garatu, zabaldu eta indartu egin nahi duten guztien lankidetza bultzatzea du helburu eta egitasmo.

Euskal kultura adierarik zabalenean eta irekienean ulertzen du Fundazioak. Hau da, euskaldungoak historian eta tradizioan, eta bereziki azken hamarkadatan eta gaur bertan etorkizunari buruz landu eta mamitu dituen izanmodu eta erantzunetan aurkitzen dira kultura honen osagai nagusiak. Euskal kultura herentzia bezanbat da eginkizun, iragana bezanbat etorkizun, eskubide bezanbat erantzukizun.

Fundazioak, bestalde, geure eta beste kulturen arteko elkar-eragintza onartu eta bultzatuko du, kanpoko eraginak konplexu eta mimetismo gabe onartuz eta izpiritu berdinez geure kultura ere nazioartekoan txertatzen ahaleginduz. Euskal kulturaren normalizazio bideak indartuko ditu Fundazioak, ez dadin bilaka ez kultura marginala eta ez kultura klonikoa.

Fundazioak euskaldunon topagune izan nahi du, alderdikeria, itxikeria eta jarrera baztertzaile guztien gainetik. Euskal kultura modu integratzailean ulertzeak, joera eta indar mota ezberdinak elkarlanean aritzea esan nahi du, esklusibismorik gabe. Gune bateratzaile izateaz gain, herri ekimenaren dinamizatzaile eta bideratzaile izan nahi du Fundazioak.

Fundazioak ez du bere egitekoa bakarlanean soilki ulertzen, baizik eta herritar, talde, elkarte eta abarrekin lankidetzan, eta horregatik ekintza propioak bultzatzeaz gain elkarlanean kultur ekintzatan partehartzeko borondatea du.

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak uste du gizarte modernoan eta mundu zabalean kultura sortu, garatu eta zabaltzeko eduki baditugun gizabaliabideei baliabide ekonomikoak jartzea ezinbestekoa dela, kultura eta ekonomia uztartzera jo behar dela bete-betean. Horregatik arreta berezia izango du Fundazioak euskal kulturarentzat azpiegitura eta egitura egokiak garatzeko.

1996. urtea